lunes, 29 de octubre de 2012

Elkarrizketa Juanjori


                 Pasa den astelehenean nire Batxilergoko tutorearen bila ikastetxera joan nintzen , berarekin topatu nintzenean elkarrizketa egiteko proposamena egin nion , berak atsegin handiz nire galderei erantzungo zuela esan zidan. Elkarrizketaren proposamena egitean iruditu zitzaidan ilusioz hartu zuela nire proposamena. Asteazkeneko hamaikak eta laurdenetan ikusteko proposamena egin zidan ordu librea zuelako , nik ontzat eman nuen ordua.
                Asteazkena zen eta nire ikastetxe ohira abiatu nintzen , hara sartzean dena beti bezala zegoen , irakasle berak , horma ilun eta itxi berak.. Irakasle batzuekin topatu nintzen eta haiekin solasean nenbilela hantxe ikusi nuen Juanjo , nire tutore ohia , orduan berarengana joan nintzen. Juanjok irribarre handi batekin agurtu ninduen , bera ikustean banekien elkarrizketan zehar eroso sentituko nintzela harekin kontaktua ez nuelako galdu ikastetxea bukatu nuenetik eta nahiko harreman estua genuelako aurretik. Ondoko taberna batera joateko ideia aurkeztu nuen baina berak esan zidan ikastetxetik ezin zela atera , orduan bilera gela batera joan ginen eroso egoteko ,  grabaketa egiteko oihartzun pixka bat egongo zela iruditu zitzaigun baina frogak egin ondoren entzuteko arazorik ez zegoela antzeman genuen.
                Elkarrizketa bilera gela txiki batean aurrez aurre egiten hasi ginen , Juanjo nire lengoaia irakasle ohia eta ni. Lasaitasun handia transmititu zidan irakasleak lehengo momentutik , horrek nik eroso egotea eragin zuen. Lehengo galdera egin nionean zalantza doinuarekin erantzuten hasi zen eta pixka bat astiro , baina ondoren segurtasunarekin erantzuten hasi zen. Galderei erantzutean batzuetan begitara begiratzen ninduen eta bestetan pixka bat ezkerrerantz begiratzen zuen. Gela horretan ordu erdi inguru egon ginen grabatzen , galdera sorta bat egin ondoren kalera zigarro bat erretzera joatea proposatu zidan , han elkarrizketa jarraitu genuen. Kalean grabatzeari utzi nion baina bere esperientziari buruz eta bere ikuspegiari buruz hitz egiten jarraitu genuen ordu laurden batez. Niri galdera gehiago bururatzen ez zitzaizkidan momentuan berak galdera pare bat proposatu zizkidan nire lana pixka bat luzatzeko . Erantzundako galdera guztietan zehar era guztietako zehaztasunak eman zizkidan. Argi zegoen ahalegindu zela nire lana ahalik eta hoberen egiteko intentzioarekin.
                Irakasle hau ona zela banekien , bere lana gustu handiz egiten duelako , batez ere ikasle desberdinekin egotea opari bat delako berarentzat , badaudelako irakasleak ez zaizkiena ikasleekin egoten gustatzen.Arazoren bat egotekotan beti bere burua eskaintzen du. Juanjorentzat ikasle guztiak berdinak dira eta guztiei tratu bera ematen die, berdintasuna oso garrantzitsua delako berarentzat. Irakasle gehienek ikasi beharko lukete gauza bat gizon honi buruz, bizitza pertsonaleko dramak eta gertaerak bizitza profesionaletik aldentzen.Berak esaten duen bezala ikastetxeko arazoak ikastetxean geratzen dira , horregatik etxera ez da inoiz haserre heltzen eta etxean gertatzen dena etxean gertatzen da. Hala ere irakasle ona izaten urteetan zehar ikasten da , irakasle onen kasuan hogeita hamar urte daramatza klaseak ematen , horrek esperientzia handia eskaintzen dio eta gaztetxoa zenez ez zen horrelakoa.
                Elkarrizketa guztian zehar nahiko giro ona egon zen , tentsiorik gabe eta konfiantza handiarekin. Lengoaia gustatzen ez bazitzaidan ere irakasle honek bera mirestea lortu zuen , beti langileak izatea eskatzen zigun , era berean klaseak dibertigarriagoak izaten ahalegintzen zen . Gauza guztien gainean irakasle honi buruz gehien gustatzen zitzaidan gauza bere nortasuna zen , inoiz ez zelako isiltzen eta zerbait kritikatu behar bazen berak kritikatzen zuen , gure kabuz pentsatzen lagundu zigun. Irakasle honek hamazazpi urte nituenean klase eman zidan eta guk autonomo izaten erakutsi zigun , ez zen beti gure atzetik ibiltzen beste irakasle batzuk bezala. Gauzak guk gure onuragatik egin behar genituela erakutsi zigun ez besteek behartzen gaituztelako.

1 comentario:

  1. Zorte oneko izan zara Juanjo maisu eukita; espero dut ariketa honi etekin ona aterako diozula.
    Honi erantzunda azaldu behar nizuen zer egin bigarren pausu moduan. Gaurko klasean egitekoak orain esatea berandu.

    ResponderEliminar