martes, 23 de octubre de 2012

Kirola eskola adinean


Gaur egungo eskola oso neketsua izan daiteke haurrentzat , horregatik oso gomendagarria da ikastolatik irteterakoan kirol pixka bat praktikatzea. Kirolak ariketa fisikoak egiteaz aparte sozializatzeko eta integratzeko bide bat ere izan daiteke. Autoestimua hobetu eta nork bere buruan segurtasun gehiago edukitzeko erabilgarria da.
Sozializatzeko arazoak dituztenen haurrentzat kirola irtenbide ona izan liteke, aukera emango bailieke era askotako pertsonekin harremanak edukitzeko, testuinguru informal eta atsegin batean.  Taldean kirola eginez, elkarren artean harremanak sortzen dituzte haurrek, eta elkarrekin aritzera bultzatzen ditu, helburu jakin baten aldeko elkarlanean.
Hauek dira talde kirolaren alde garrantzitsu batzuk: 
Ezinbestekoa da taldean  giro ona izatea, eta kideek elkar laguntzeko joera edukitzea.
Gure haurra besteekin ongi moldatzen dela egiaztatu behar dugu, eta hori lagungarria zaiola integratzeko eta bere gizarte-dohainak garatzeko.
Segurtatu behar dugu kideek ez dutela baztertzen eta diskriminatzen, eta entrenatzaileak ere ez.
Ziurtatu behar dugu haurrik uzkurrenek benetan gustura parte hartzen dutela taldean, eta gozatu egiten dutela; izan ere, gerta daiteke deseroso sentitzea, baina ezertxo ere ez adieraztea.
Haurrak nahi ez badu, ez aldatu talde batetik bestera.
Oso lotsati diren haurrak errazago moldatzen dira talde berri batera, baldin eta kideren bat lehendik ezagutzen badute.
Banakako kirolean:
Pertsonarik lotsatienak erosoago egon ohi dira jende asko-askok parte hartzen ez duen kirol jardueretan.
Haur eta nerabe askok emaitza hobeak ematen dituzte besteen menpe ez daudenean.
Banakako kirolek aukera gehiago ematen dute autonomia eta sormena sustatzeko, eta horrek konfiantza gehiago ematen dio norberari.
Gazterik oldarkorrenei eta arauei buru egiten dietenei, alegia, talde baten testuinguruan baztertuta geratuko liratekeen horiei, mesede egiten die soilik euren buruen menpe egoteak, nahiz eta entrenatzailea gain-gainean eduki.
Haurrak banakako kirol bat aukeratzen badu, garrantzitsua da zati bat, behintzat, taldean egin ahal izatea; taldeko jolasen bidez, zertxobait sozializatzeko aukera izango du.
Kirola banaka egiten denean, hutsegiteak eta porrotak onartzen ikasteko, gurasoen laguntza behar izaten du haurrak; taldearen babesik ez du edukiko egoera horiei aurre egiteko, eta zama astuna izan liteke harentzat.
Haurrik kanporakoienei ez zaie komeni banakako kirolak egitea, aspertu egin bailitezke oso erraz, eta kirola egiteari utzi.
Gurasoek puntu hauek kontuan hartzea garrantzitsua da, bere semearen portaeraren arabera egokitzeko . Haurren aisialdia garapenaren funtsezko zati bat delako.

1 comentario:

  1. Esaten duzuena interesgarria da, ezbairik gabe.
    Gauza bat argi eta garbi du falta: izenpetzea. Etiketen erabilera, oro har, du falta.
    Beste maila batean, egilea non kokatzen den gaiarekiko, zer uste duen, nolako bizipenak izan dituen hezkuntzan eta abar luzea aipagarriak izan daitezke. Egiten duzuen sarrerak ikuspegi informatibotik haratago joan behar luke; hori kazetaritzan lantzen delako. (Una de cal)

    La de arena:
    Benetan ona iruditu zait; intereseko gaia bada, hurbiltzeko modu ona da, gero, hurrengo batean sartzen hasteko gorago esandako "karea".

    ResponderEliminar